XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Historiagileak zuek zarete. Zuek behar duzue erabaki

Argitalpenak libreak dira, baina duela bi urtez geroztik bakarrik, eta horrela uler daiteke oraindik eskulibururik ez egotea.

Egunkarietan, aldizkarietan eta historia aldizkarietan artikulu ugari azaltzen dira ordea.

Baina ez guztietan.

Aldizkari batzuk, Komite Zentralaren eskariak, aginduak jaso zai daude oraindik.

Komite Zentrala, ordea, mutu dago.

Gorvachovek esan du: Eskari gehiagorik ez. Historiagileak zuek zarete.

Zuek behar duzue erabaki.

Artxibategietako zuriguneak garbitzeko lehenago debekatuta zeuden liburuez baliatu behar dugu.

Gure artean artxibategi bereziak, biblioteka berezia edo dokumentazio berezia deitzen dira.

Orain, dena, dagoen guztia argitaratzen da.

Horrela, Smen astekarian Trotski eta trotskismoaz dokumentu luze bat argitaratu nuen.

Era berean bigarren mailako irakaskuntzako irakasleei zuzendutako egunkari batean Stolypin, mende haserako erreformatzaile nagusiaz beste artikulu bat idatzi nuen argazki eta guzti.

Stolypinek nekazal erreforma bat egin nahi izan zuen eta kontserbadoreek hil egin zuten.

Argazkiei esker lehendabiziko aldiz ikusi ahal izan da orain Stolypin.

Historiaren ikuspegi zabala emateko, egiazkoa hango den ikuspegia emateko, artxibategi guztiak, iturri guztiak erabili behar ditugu.

Mugimendua atzeratu nahi duten artxibategizain zahar eta burokrata amorratuen aldetik kontrako jarrerarekin topo egiten ari gara ordea.

Hala ere, eta kontrakoa uste izaten bada ere, artxibategiak zabalik daude.

Haietara joan eta nahi dena eska daiteke.

Ofizialki dena eskuratu daiteke, baita Alderdiaren artxibategiak ere.

Gainera, orain, gure artxibategiak Iparramerikatik eta japoniatik etorriez beteta daude.

Mosku ondoan zinemateka handi bat dago; egun osoan izan dut han filmeak ikusten inolako arazorik gabe.

Era berean atzerrira ere libre joan ahal izan dut.

Italia, Frantzia eta Beljikako artxibategietan lana egin dut.

Datorren urtean Estatu Batuetara joango naiz.

Nola egin historia zientifikoa?.

Ni neu ez naiz berehalatik denentzat baliagarria izango den historia bat egitearen aldekoa.

Denbora behar da, pausoka-pausoka egin behar da bidea.

Itzuli gaitezen berriro Frantziako Iraultzara.

Bigarren urteurrena zela eta liburu bat argitaratu genuen eta bertan idatzi zuten idazleen lautatik hiru frantsesak dira.

Orain dela gutxi atera den Glasnot-aren Hiztegian erabili zen lan metodo berbera jarraitu genuen: kapitulu bakoitza bi idazlek prestatzen zuten - kasu honetan bata sobietarra eta bestea frantsesa ziren.

Horrela irizpide zientitikoak hartzen dira oinarri bezala eta ideologiari pisu gutxiago ematen zaio.

Baina, nola egin historia zientifikoa? Arazo batzuk ondorio ideologiko edo politikoak dituzte.

Uste dut historiagileen zeregina ez dela esplikatzea, egiaz gertatu zen guztia azaltzea baino.

Gaur gaurkoz ezin esan daiteke egiazko historia zientifikoa daukagunik, oraindik ez.

Baina egiten ari gara.

Eta maila honetan egunkariek garrantzi handia dute.

Moskun ikasle nintzenean, ez nintzen biziki harro Letretako Fakultatean nengoelako.

Injinari edo fisiko izatearekin amets egiten nuen.

Orain berriz historiagileen garaia iritsi da.

Telebistek, irratiek, egunkariek, bai sobietarrek bai atzerritarrek elkarrizketak eskatzen dizkigute.

Munduko bazter guztietako ehun bat egunkaritarako egin dizkidate elkarrizketak.

Komunistak, munduko beste herrietan, eta bereziki Hirugarren Munduan, sobietar historiaz zegoen bertsio ofizialarekin konforme egon dira.

Orain, horregatik, norabiderik gabe daude gure herriak eman duen aldaketarekin.

Eredu bat ginen haientzat, paradisua lurrean.

Baina irudi hori gezurra da.

Hogeitamar urte baino gehiago dira irudi hori hondatzen hasi zenetik, PCUSaren XX Kongresua eta Kruschov-ek Stalini buruz azaldu zuen txostenaz geroztik.

Orain jarrera irekia daukagu, gauzak eztabaidatzen ditugu eta gertakariak argitzen egiten ditugu ahaleginak.

Burkide horiek ez daude gauza hauetara ohituta.

Mugimendu komunistan, egia esan, ideien ugaltasunera ohituta ez da egoten bat, nere ustez ez da Leninen garaian bezala gertatzen.

Eztabaidatzeko ohitura Stalinekin galdu zen.

Eta horregatik Sobietar Batasunean sail asko norabiderik gabe daude egoera berri honetan.

Herrialdearen ekialdeko muturra bisitatu eta ikusi nuen nola ez zuten han ulertzen Moskun edo Leningradon gertatzen dena.

Denbora asko beharko da jendea zer ari den gertatzen konturatu arazteko.

Hori garbi eduki behar da.

Sobieten Lehen Kongresuko Pesidiumeko bazkideak (1922). Goian ezkerretara, Zinoviev.

Petr Arkadievich Stolypin (1862-1911).

VLADLEN SIROTKIN, historiagile sobietarra, Moskuko Akademia Diplomatikoko irakaslea da. Frantziako historian eta Frantzia-Sobietar Batasuna harremanetan aditua, beste gai batzuren artean, Napoleonen gerrak eta Frantzia eta Errusiaren arteko XIX mendeko harremanez idatzi du.